XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. ARIKETA OSAGARRIAK

Testu azterketa (244. or.)

Kokapena

Jose Maria Agirre, Lizardi goitizenez, Euskal Bizkunde Garaia (1876-1936) deritzoneko poetarik garrantzitsuenetakoa da.

Lauaxeta eta Orixerekin batera hiru olerkarien taldea osatzen du.

Gure poetarik aipatuen eta eraginkorrenetakoa izanik, barne sentimenduen adierazpideetan eta poesi baliabideetan bide berriak eta emankorrak ireki dizkio euskal lirikari.

Bere olerki bildumarik garrantzitsuenak hauexek dira: Bihotz-begietan ( 1932) eta Umezurtz olerkiak (1934).

Hegamin izenekoa bigarren bildumakoa da, testuan osorik eskaintzen zaiguna.

Edukina eta forma

Olerki honetan egileak elizaren barnean, isilean kokatzen du bere burua.

Gustura sentitzen da, barru isil horretan bake gozoa aurkitzen duela; kanpotik, baina, eguzkiaren dei erakargarria sentitzen du.

Poetaren barnean bi indarrok tirabiran dihardute.

Gaia mistikoa bada ere, tonu arinez tratatua dago, jostalaria da nolabait.

Bederatzi ahapaldi direlarik, lehenengo bietan (1-2) borroka hori aurkeztu egiten da, eragin biak azalduz.

Hurrengoetan, berriz, bi eretako joerak tartekatuz agertzen dira (geldimina-hegamina...), azken hiruretan hegamina nola edo hala nagusitzen dela, poetak irtetea erabakiz, ebatziari arinegia baderitzo ere.

Unitatea bertsoa dela esan dezakegu, bertsolaritzan hitz horri ematen zaion zentzuan, zortziko txiki ezagunaren metrika jarraitzen baitute:

Neurri txikia izateak frogatzen du berez sakona edo serioa behar lukeen gaiari tratamendu arinagoa eman nahi izan diola poetak, neurri handiagoei itzuri eginez.

Maila fonikoan Lizardiren ohizko txikikariak ageri zaizkigu: ixil, txoratil, xehea, xirika, ñabarrak, bixkar... testuaren doinua goxatzeko.

Morfosintaxi mailan ez da hiperbaton gogorrik gertatzen, baina bai, ordea, elipsia, aditzarena bereziki.

Zalantzarik gabe, maila semantikoan iristen du olerkiak bere joritasun handiena, metafora, imajina eta beste baliabide ausart xarmangarriren bidez.

Hona zenbait:

...elizaren sabela... (barrua)

PROSOPOPEIA

Hari xehea... (argi izpia)

METAFORA

Etxeak mendiaren
bixkar-bixkarrean
usoak dirudite
teilatu ertzean

IMAJINA